2013(e)ko azaroaren 29(a), ostirala

Euskarazko jainkotasunaren izenak: zonaldeko kultura eta ekonomia aberastasun iturria.

Koldo Colomo

Euskararen presentziak milaka urteko ibilbide luzea du gure ibarretan. Horren lekuko argienak toki, mendi eta ibai izenak ditugu. Hala ere, kasu gehienetan izen mota hauek bi mila urte inguru irautea ez da erraza. Alabaina, harrietan zizelkaturik beste izen misteriotsu batzuk ditugu Nafarroako erdiko zonaldean, Erroma garaiko euskaldunek utzi zizkigutenak, hain zuzen ere, gizabanako izenak eta jainkotasunen izenak. Lehenengoak, antroponimikoak edo pertsona izenak izanik, Akitanian, Aragoin, Sorian eta Araban egoteaz gain Nafarroan zenbait tokitan topatzen ditugu, besteak beste, Ummesahar, Agirseni, Abisunhar. Horretaz gain iberiar izenak euskara moduan ahoskaturik ere baditugu gertu, esaterako, Urchatetelli Andelon. Hilarrietan agertzen diren pertsona izenez aparte bereziago eta berezkoa den fenomeno bat agertzen zaigu Nafarroako erdi aldean; jainkotasunen izenak. Fenomeno honek, gainera, euskal sinesmenen berri ematen digu, hots, I. eta III. mende bitartean bizi ziren euskaldunek zeri edo nori egiten zioten gurtza jakin genezake eta euren kosmobisioaren nondik norakoak.